dokumentazioa

Galderak

"HEZHIZ: HIZkuntza HEZiketarako dinamizazioak" (Jaime Altuna)

  • "HEZHIZ: Hizkuntza Heziketarako dinamizazioak"-en inguruan Jaime Altunak kontatu zuen esperientziaren inguruan, Debakoen iritzia jakin nahiko nuke. Ikasturte batean gaia landu ondoren, zein da beraien balorazioa, edo balorazioetarako azkarregi bada, lehenengo inpresioak, beraienak, irakasle eta ikasleenak…. Hobetzekorik?

  • Jaime Altuna (Urtxintxa Eskola):
    Udaltoperako idatzitako artikuluan iaz programa honen inguruko ebaluazioari erreferentzia egiten diogu:

    Irten, pu(o)ztu, loditu...

    Elkarri esateko gauzak dauzkate. Gauza horiek garraiatzen dituen jarioa hara eta hona dabil, ematen du inor ez dela horretaz ohartu…irten, puztu, loditu…hizkuntza erabilgarria da.

    Artikulu honen hasieran aipatutako testuarekin gogoratuz, HezHiz izeneko bide berri honetan 2008ko azaroan abiatu ginen: irten ginen. Ikasturte horretan egitasmoa zena edukiz, hausnarketaz, iritziz, ustez...puztu genuen Debako 61 ikasleekin batera. Eta poztu ere, poztu ginen, ikasturte bukaeran iritzia idatziz eskatu eta gero balorazio positiboak zirela ikusi genuenean. Saioei buruzko iritzi orokorraz galdetuta gehienek oso ona (22 gaztek) edo ona (31 gaztek) dutela erantzun dute. Saioetan oso ongi (26 ikaslek) eta ongi (28 ikaslek) pasa dute eta gehien gustatu zaiena galdetuta egindako jolasak eta landutako kantak erantzun dute.

    Ikastetxeko beste ikasleei programa honetan parte hartzea gomendatuko ote lieketen galdetuta ia denek (4 ezik) baietz erantzun dute. Era berean, hurrengo ikasturtean saio hauen jarraipena egitea gustatuko litzaiekeela erantzun dute. Ikasi al duzu? galdetuta 36 gaztek asko eta 17 gaztek zertxobait ikasi dutela adierazi dute. Zer ikasi duzu? galderari denek erantzuna eman diote eta landutako edukiak barneratu dituztela dirudi.

    Guk ere, Deban garatu dugun programa honen balorazio oso positiboa egin dugu. Orain arte, jarritako helburuak bete direla iruditzen zaigu eta ikasle eta tutoreen artean iritzi baikorrak jasotzeak egitasmoa ondo funtzionatu duela berrezten du.

    Gaztetxoen usteetan eragiten hastea lortzen hasiak garela iruditzen zaigu, hizkuntzen eta euskararen inguruko kontzeptuak landuz. Usteetan eragiteaz gain, zeharka, gaitasunetan eragin nahi dugu. Horregatik saio guztietan hizkuntzarekin jolasteari tarte bat eskaini diogu jolasak, kantak eta beste dinamika batzuk erabiliz eta arrakasta handia izan dute.

    Bigarren, ikasturte honetan, programa osatzen eta zabaltzen ari gara: loditu. Alde batetik, edukiak osatzen jarraitzen dugulako. Bestetik, gazte gehiagoengana iristen ari garelako, Debako eta Ordiziako 200 bat gazte parte hartzen ari dira.

    Beraz, bide hasiera honetan (irten, pu(o)ztu, loditu...) HezHiz programa erabilgarria izaten hasi da.


    Amaia Zinkunegi (Debako Udal Teknikaria):
    Bai, guk ere balorazio oso positiboa egiten dugu. Ez hainbeste emaitzen gaineko neurketa kuantitatiboa egin dugulako (ez dugu egin eta); kualitatiboki programan parte hartzen dugun guztiok pozik eta ilusionatuta gaudelako baizik.

    Jaimek azaldu ditu ikasleek emandako erantzunetatik jasotako emaitzak. Tutoreek ere bete zuten balorazio fitxa eta iritzi orokorra ona eta oso ona izan zen. Gehien gustatu zitzaiena, saio dinamikoak izatea, dinamizatzaile eta taldearen artean sortutako giro ona,... Landutako edukiak ere ongi eta oso ongi baloratu zituzten. Batek aipatu zuen garrantzitsua iruditu zitzaiola konturaraztea hizkuntza guztiak direla garrantzitsuak. Beste batek hizkuntzaren gaineko aspektu oso interesgarriak eta egokiak (normalean tratatzen ez direnak) landu zirela eta, are, programari, klaseko 30 orduetan lekua egin behar zitzaiola...

    Urtxintxak egindako lanari buruz, ez nuke, beraz, ezer gehiago gehituko. Oso ondo ari dira.

    Hobetu beharrekoen artean edo, hobeto esanda, landu beharrekoen artean beste hau aipatuko nuke: eskolak programa bere egin dezan bideak aztertzen eta urratzen joan behar dugu.

    Mendata institutuari programa hau martxan jartzea eskaini genionean garbi geneukan inplikazio handia eskatzen ari ginela:

    1) Argi samar geneukan ez genituela saio hauek EUSKARAko klaseetan txertatu nahi (eta euskara mintegiko irakasleak ere bat zetozen irizpide horrekin). Hizkuntzari buruzko hausnarketa hauek ESKOLA OSOAri zegozkiola eta, beraz, eskolako irakasle guztiek inplikatu behar zutela.

    Horregatik erabaki zuen eskolak saioak tutoretza orduetan egitea. Urtxintxakoek saioak ematen dituzten bitartean, tutoreak bertan izaten dira. Horrela zuzenean ezagutzen dituzte bai materialak baita dinamikak ere eta euskarako irakasleak ez ezik, beste arloetakoak ere hizkuntzaren kontuekin zipriztintzen ditugu.

    Zeharkakotasuna lantzeko beste modu bat dela iruditzen zaigu.

    2) Ez ginen lau urtetan (edo zortzitan, berdin da) landuko zen programa batez ari. Programa hori martxan jartzeko laguntza emateaz baizik. Baliabide humano eta ekonomikoak ipintzeko prest zegoen Udala, lehenengo (eta beharrezkotzat jotzen diren) urteetan baina ailegatu beharko zuen eguna non irakasleak beraiek izan beharko zuten saioen dinamizatzaileak.

    Potoloa da kontua, bai; baina eskolako pedagogia batzordean halaxe planteatu zen. Eskolaren erantzuna ez zen erabatekoa izan. Ez zuen esan: “bai, hemendik 4, 6 edo 8 urtera guk geuk egingo dugu lan hori”; baina probatzen hasteko bidea ireki zuen eta pauso handia iruditu zitzaigun hori. Lehenagotik planteamendu honekin martxan jarri gabeko programa izatearen beldurra uxatu eta hasteko erabakia hartu zuen. Ikasturte amaierako balorazioaren baitan geratu zen bigarren urteko jarraipena. (Badakizue, dagoeneko, balorazio ona egin zutela eta bigarren urtea martxan dela).

     

    Irakasleak (edo tutoreak), orokorrean, ondo erantzuten dute. Saioetan egoten dira eta interesarekin jarraitzen dituzte. Arazoak, ordea, badira: urtetik urtera izaten dugun irakasle dantza, tutore aldaketak, bajak,...

    Horrek guztiak zaildu egiten du adierazitako asmoa, ziurtatzerik ez baitugu lehenengo urtean saioetan egon diren irakasleek lau urtetan jarraituko dutenik. Hori nola bideratu hausnartzen ari gara. Presarik ez daukagu. Lehenago lau urteko ziklo osoa amaitu behar dugu; eta oraindik ere beste zenbait urtetan Urtxintxaren parte hartze zuzena beharko dugu. Baina etorkizunerako moduak zeintzuk izan daitezkeen aztertzen eta hitz egiten hasi behar dugu patxadaz, irtenbide errazik ez daukan gai potolo honek denbora dezente eskatuko digu eta.

    Argi samar ikusten dugu, hala ere, landu beharreko aspektuetako bat irakasleen formazioa izango dela; iraupen eta sakontasun maila ezberdinetako formazio eskaini behar zaiela: bai, orain, ikasturte hasieran, irakasle guztiak programaz jabetuta egon daitezen, baita etorkizunean ere saioak emateko ardura hartuko dutenek hala egiteko gai senti daitezen.

    Amaitu baino lehen aipamen batzuk egin nahi nituzke: uste dut errekonozitzeko modukoa dela Mendata Institutuak programa honekiko erakutsi duen kemena eta egin duen ahalegina. Aurrerantzean ere denok gustura egoteko moduak eta bideak topatzen asmatzea espero dut. Eskerrak, baita ere, Urtxintxari (eta bereziki Jaimeri), guk eskainitako materiala ondo baino hobeto aberastu eta osatu dutelako eta gazteengana hurbiltzen bikain asmatzen dutelako. Ez nituzke ahaztu nahi HUHEZIko irakasleak ere, haiek sortutako “Ahal izatetik nahi izatera” materiala gabe ez baikinake, orain, programa honetaz hitz egiten arituko.

"Nerabe eta gazteen kultur kontsumoa: GAZTEZULOren esperientzia" (Alberto Irazu)

  • Zein da gazte sortzaileen harrobia?

  • Zubieta Realaren harrobia da: aldian-aldian, futbolari berriez hornitzen du lehen taldea. Beheko taldeetako jokalari gazteak lehen taldeari begira ari dira -baina baita Bartzelonakoei ere, noski-, eta haien pausoak jarraitu nahi lituzkete.

    Oro har, iruditzen zait antzeko zerbait gertatzen dela artista izan nahi duten edo sorkuntzarako joera duten gazte eta nerabeekin, eta horren froga da, musika munduan adibidez, oso ohiko dela duela hogei urte musika mugimendu indartsu samarra izandako herrietan gaur egun ere musika talde mordoa egotea, Zarautz, Arrasate eta Hondarribi Gipuzkoan, Bera eta Iruñerria Nafarroan, Agurain Araban, Durango Bizkaian... kasu argiak dira. Gertuko erreferentziak izatea oso lagungarri da saltoa eman nahi duenak saltoa eman dezan.

  • Auzoko, herriko, eskualdeko, lurraldeko gazte sortzaile horien mapa, izen deiturak… izatea egokia litzatekeelakoan nago. Gazte zerrenda hori eskura liteke?

  • Bi gauza ezberdindu behar ditugu:

    Batetik, gazteak izanagatik jada pauso batzuk eman dituzten sortzaile gazteak balia genitzake –bertsolariak, idazleak, musikariak, dantzariak... eta abar-, eta horietako asko, lepoa egingo nuke Argiaren urtekarian topatuko ditugula, itxurazko zerbait egin badute behintzat. Horrez gain, musikaren alorrean aipagarria da Musikagida izeneko egindako ahalegina. Antzerki munduan ere uste dut badagoela halako gidaren bat.

    Bestetik, jada azaleratutako gazte sortzaile horiez gain, ozeano oso bat dago aukeraren zain, azaleratzeko desiratzen. Harrobi potentzial batez ari naiz, eta noski, ez dakizkigu nerabe eta gazte horien izen eta deiturak. Hain zuzen, horixe da erronka: ezagutzen ez ditugun horiek deskubritzeko ahalegina egitea, horiei bideak jartzea. Erakustaldiak antolatu behar al dira? Topaketak? Bide bat izan daiteke, baina horretarako inplikazioa, ilusioa esperimentatzeko irudimena behar dugu. Gidak bezain garrantzitsua da –edo garrantzitsuagoa- norberak gogoa izatea bere auzoa, herria edo eskualdea deskubritzeko.

  • Maila berdinekoak al dira telebistatik famatua dena edo telebistatik pasatu gabeko gazte sortzailea?

  • Telebistak maila batetik gora jartzen zaitu, hori begibistakoa da eta ezin da ukatu. Baina, hala ere, dena ez da telebista. Zenbatetan ateratzen dira telebistan euskal idazle, musikari, bertsolari eta abarrak? Saio espezializatuetan ez bada, deus gutxi ateratzen dira nire ustez, eta, hala ere, erreferentea dira. Gaur egun, Ken Zazpi eta Berri Txarrak dira euskal musika talde ospetsuenak... telebistan ia atera ere egiten ez diren arren. Ahoz ahokoak ere funtzionatzen du, eta modak, eta zuzenekoak... Bestalde, gaur egun oso ohikoa da ez dakit zein musika taldek sekulako oihartzuna lortzea internetez, telebista plato bat sekula zapaldu ere egin gabe. Telebista funtsezkoa da, baina badago bizitza telebistatik at.

  • Zer transmititzen du batak eta besteak? Baloratu beharrekoa al da?

  • Adibide zehatzak formulatu ezean, ez daukat galdera honetarako erantzunik.

  • Gazte sortzaileak famatuen mailara aldatzea egokia iruditzen al zaizu?

  • Nik ez dut proposatu gazte sortzaileak famatuen mailara igotzea, zerbait eskaintzeko duten gazte sortzaileei plataformak eskaintzea baizik. Fama gero etorriko da, etorri behar badu.

  • Gazte sortzaile hauekin lan hobea egin daitekeela uste duzu?

  • Telebistan oihartzuna duten gazte sortzaileez ari bazara, begibistakoa da gazte horiek erakarmen ahalmen handia dutela, eta lagungarri izan daitezkeela ekitaldi batera jendea erakarri nahi badugu. Adibidez, oso baliagarri izan daitezke ekitaldi bat antolatu nahi badugu, eta sortzaile “ezagunen” eta “ezezagunen” arteko nolabaiteko oreka lortu nahi badugu.

  • Gazte sortzaileekin motibazio saioak egitea aproposa litzateke? Nork? Nola?

  • Sorkuntza munduan murgildu nahi duten gazte eta nerabeak motibatu nahi baditugu, zer hobe mundu horretan sartuta dabiltzanekin harremanetan jartzea baino? Nekez topatuko dugu hori baino motibazio saio egokiagorik: elkarrekin harremanetan jarrita, euren esperientziak partekatzeko eta zalantzak bertatik bertara argitzeko aukera emango diezu. Baina horrekin batera, oso garrantzitsua da sortzaile gazteei euren proposamenak plazaratzeko aukera ematea. Nork eta nola horiek, agente guztiak kontsultatuz erabaki beharko.

  • Zerk / Nork definitzen du gazte eredugarria zer / nor den?

  • Nik ez dut inoiz gazte eredugarriaren figura hori aitatu, ez idatzizko ponentzian, ezta hitzaldian ere. Are gehiago, gazte sortzaile hasi berriei eta potentzialei buruz ari bagara, erabat formulazio okerra iruditzen zait, eta zeharo arriskutsua. Nerabe eta gazteen ezaugarri nagusietako bat da ez eredugarri izan nahia, edo hala nahi baduzu, ereduaren kontra egitea. Bestalde, eredugarriari bazterretik begiratzea jarrera kontziente bat izan daiteke kultur ekoizpenean, eta bistan da emaitza interesgarriak emate dituela.

atzera

Bilatzailea

Proposatu gaia

Antolatzaileak

Gipuzkoa

Lasarte

Laguntzaileak:

Eudel Eusko Jaurlaritza

Creative commons

Udaltop | Udaletako Euskara zerbitzuen II. topaketak

Webgune honetako edukiak Creative Commons-en Aitortu 3.0 Espainia baimenaz babesturik daude.

© 2009 - 2012 Udaltop | iametza interaktiboak garatuta | CSS | XHTML | WAI-A