egitaraua
Udaletako euskara-zerbitzuen topaketak
“Aurrez aurreko jardunaren lekua HINBE saioetan”
Mikel Zalbide
Sei ataletan egituratu da txostena.
- Aurrez aurreko jarduna zer den zehazteko, kontzeptu nagusiak argitzen saiatzen da txostena lehenengo atalean: mintzajardunaren aldakuntza-iturriak zehazten dira horretarako, jardun-guneak (funtzioak) aipatzen dira horren ondoren, rol-harremanak tipifikatzen dira gero eta, azkenik, mintzaldaketa eta HINBE saioak (batez ere HINBEren seigarren urratsa) zer diren argitzen da sarrerako atal honetan.
- Mintzajardunaren nagusitasun-moldaera definitzen da hurrena, txostenaren bigarren atalean. Horren arabera prestaturiko nagusitasun-taulak (Arakistaingo jenerala eta Aramaioko konkretua, gehi inguruko ikastetxe bateko ikasleena) adierazten dira gaingiroki. Aparteko aipamena egiten zaie Aramaioko auzo- eta kale-erabileraz Soziolinguistika Klusterrak azaldu berri dituen emaitzei: fenomeno zabalago baten isla eman diezaguke neurketa-lan horrek.
- Arnasguneen inguruko gogoeta egiten da txostenaren hirugarren atalean: arnasguneen izaera, garrantzia eta aurrerabidea azaltzen da bertan. Arnasguneen orain dela 30 urte inguruko egoera zehazten da batetik, eta egungo egoeraz aipamen artezak egiten dira bestetik. Arnasguneetako mintzaldaketa zergatik gertatzen ari den aztertzeko orduan, Fishman-en teoria ezagunera jotzen da. Dislokazio fisikoa, demografikoa, soziala eta kulturala berariaz aipatzen dira, eta dislokazio demografikoa bereziki zehazten. Arnasguneak bizirik eta indarrean zaintzearen garrantzia azpimarratzen da atal horren bukaeran.
- Oraingo egoeraren zenbait ezaugarri eta hainbat erronka aipatzen dira horren ondoren, txostenaren laugarren atalean: gazte euskaldunen emigrazioa, immigrazioaren goraldi berria, bilakaera ekonoteknikoa eta soziokulturala, familiak eta ingurumen hurbilak lehen baino babes-indar ahulagoa izatea, lurralde-antolamenduaren bilakaera, bide-sare berritua, hiriak gainezka egin izanaren ondorioak,industriaren kokaera berria eta, oro har, harreman-sare berriak.
- Aurrez aurreko jardunak HINBE-saioetan duen lekua aztertzen du bostgarren atalak. Ganorazko euskal girorik gabe etorri oneko hiztunik ez dagoela azpimarratzen da bertan. Hiru galdera hauei erantzun bat bilatzen saiatzen da txostena: a) zer etekin du jardun-esparru “nagusi”etan eragiteak, horien bidez gertuko harreman-sare informaletan eragiteko?; b) posible al da gertuko harreman-sare informaletan eragitea, jardun-esparru nagusietan eragin gabe? c) non eta nola jarri behar dira lehentasunak, eta horren arabera noiz-nola mugatu lehentasunezkoak ez diren esparruetako saioak?
- Azken gogoeta-saioa egiten da seigarren atalean. Baieztapen hauek egiten dira bertan: a) euskara ez doa, oro har, berehala galtzera; b) elebitasuna da euskaldunon bizi-aukera bakarra; c) euskarak “bere lekua” behar du, galduko ez bada; d) perspektiba horretan txertatu behar dira eguneroko mintzajardun arrunta eta harreman-sare informalak, eta e) eguneroko harreman-sareen ondorioa corpus-plangintzan.
Ezin esan liteke gai-jartzaileak egindako galdera-sortari erantzun artez eta konpletoa eman zaionik txostenean. Bihar edo etzi hartara iritsi ahal izateko bide-garbitze modukoa egin nahi izan da, lehendik eskueran nituen testu-zatietatik abiatuz.
Dokumentuak:
Aurrez aurreko jardunaren lekua HINBE saioetan (PDF) (656 Kb.)
Aurrez aurreko jardunaren lekua HINBE saioetan (PPT) (4.2 Mb.)
Galderak:
Ez dago galderarik.
Multimedia:
Bideoak
Argazkiak
atzera