dokumentazioa

Galderak

"Familia Bidezko Euskararen Jarraipena Oarsoaldean: arian ekin, ekinean ari.” (Joxe Luix Agirretxe)

  • Orain arte egindakoaren ERAGINA 1etik 10era kalifikatu beharko bazenute?
  • Oraindik aprobatuaren azpitik edonola ere. Eragina ikusteko goizegi dela uste dugu edo adituek hori esan digute behintzat. 3,5 – 4 puntu arteko zerbait agian…

  • Gurasoentzako sentiberatze saioak antolatzen direnean, gehienetan sentsibilizatuenak hurbiltzen dira saio horietara. Nola erakar ditzakegu gainontzekoak?
  • Bai egia da berariaz antolatutako saioetara gehienetan guraso sentsibilizatuenak joan ohi direla. Horregatik, gurasoekiko sentiberatzea beste gai batzuk ere jorratzen diren bileretara eramateko saiakera egin dugu, guraso guztiak, edo gehiago behintzat bai, joan daitezen bilatuz. Bestalde, zeharka erakar daitezke eurentzat baliagarri izan daitezkeen edukiak eskainiz, kantu, jolas, ipuin ikastaroak, haurren hazkuntzari buruzko edukiak, haurrekin loturiko gaian jorratzen direneko hitzaldiak edo haurrentzako ikuskizunak ere balia litezke. Zuzenean sentiberatzeko dela iragarriz, oso gutxi, eta sentsibilizatuak agertuko dira tamalez, edo normala denez.

  • Ekintza ezberdinen antolatzearekin eragitea lortu da? Zelan neur daiteke lortutakoa?
  • Orain egiten ari garenaren emaitzak ez ditugu hemendik urte batzuetara arte sumatuko. Gurekin lan egiten duen komunikazio agentziak hori garbi utzi zigun hasieratik. Konstantziari eutsi behar zaio urte batzuetan, mezuari eutsiz, eta horrela lor liteke eragina izatea. Joan den udazkenean AZTIKERen bitartez gure komunikazio ekintzen oihartzuna neurtzeko ikerketa egin dugu Oarsoaldeko lau herrietako herritarren artean. Lehenengoa izanik, gizartea oro har hartu dugu, eta aurrera begira publiko xedeetan dugun oihartzuna neurtzeko asmoa dugu. Adierazle sistema bat ere ezartzekotan gara.

  • Gurasoei zuzendutako mezuak ez al dira izan gordinegiak?
  • Jabetzen gara mezuak berez gordinak direla, baina egoera bera ere gordina da bikote euskaldunen kasuan batik bat. Zalantzak baditugu hala ere gordintasun horrek eragin positiboa ala negatiboa duen. Besteak beste, gordintasun hori leuntzeko erabiltzen ditugu clownak (gauza horiek umore puntu batez esatea hobetsi genuen). Zirikatzen dituela eta ezinegona eragiten diela badakigu, ez dakigu hori positiboa den, ordea.

"Duzun onena: Nafarroako udaletako esperientzia" (Rosa Ramos, Patri Arburua)

  • Familia arloan modu koordinatuan jarduteko (udala, eskola, euskaltegia…) topatzen dituzuen arazo nagusienak?

  • Ezin dugu erantzun orokorra eman, herri bakoitzeko eragileen arabera, baita herriaren tamainaren eta bestelako ezaugarrien arabera ere, egoera aldatzen delako. Dena dela, gurasoek jasotzen dutenari erreparatuta, zailena mezu bateratua zabaltzea dela iruditzen zaigu, hori da, beraz, koordinatzen zailena.

    Horretaz gain, Nafarroan behintzat, zaila egiten zaigu Nafarroako Gobernuaren egituran kokatutako zerbitzuekin koordinatzea, bertan lan egiten duten profesionalen borondatea hoberena izanda ere (Irakasleentzako Laguntza-Zentroak edo Osasun Zerbitzuetan guraso berriekin lan egiten duten guneak, esaterako).

  • Mezuen modulazioa ematen du erabatekoa izan daitekeela gurasoen tipologietara heltzeko. Mezuak nork formulatu behar ditu? Gurasoek, guraso eskolak, eskolak, gobernuak, udalak… Mezua ondoen hedatzeko formularik aztertu ote duzue?

  • Oso garrantzitsua da gizarteratzen diren mezuetan, iritzietan, eragiteko ahalmena izatea. Gurea mugatua da alde horretatik, bistan denez, eta asko dira gure ikuspuntuaren arabera zabaldutako uste ez egokiak. Egoera aldatzeko bidea izan daiteke, hasteko, esateko daukaguna zintzoki aztertzeko eta, beharrezkoa bada, aldatzeko gaitasuna izan (horretarako oso ona da gurasoek beraiek esateko daukatena entzuteko prest egotea). Jarraian mezua jasoko duen ‘publikoa’ ongi aukeratu behar da eta, gero, inguruan dauzkagun gainerako eragileekin gure iritziak partekatu, ahal dela, gurasoek mezu antzekoak jaso ditzaten, igorlea aldatzen bada ere.

“Bikoteen artean hizkuntza ohituren aldaketa. Ikerketa-lana" (Pablo Suberbiola)

  • Aurreikusi da edo egin da horrelako bikote edo partaide batzuen plazaratzea euren esperientzia beste bikote edo familia batzuei marko egoki batean kontatzeko?
  • Ikerketa honen harira behintzat, orain arte ez da egin horrelako plazaratzerik. Aurreikusi da? Ikerketaren jarraipena egin duen Batzordean (SL Klusterra – HPS) aipatzen duzun ideia interesgarri bezala bai baloratu dela, baina oraingoz ez dago zehaztuta zer eta nola egin.

  • Hizkuntza ohituren inguruan entzun ahal izan dut bikote asko ez direla oharrarazten euren arteko hizkerak seme-alabengan duen eraginaz. Nik uste dut eurek badakitela eurek erderaz egiten badute euren haurrek handitan ere erderaz egingo dutela baina ez diote horri garrantziarik ematen, txikitan bai euskaraz, baina gero nagusitan euskara ez da eurentzat oso baliozkoa. Zelan aldatu guraso horien pentsamoldea?

  • “Pentsamoldea” aldatzea gauza askoren ondorioz gerta daiteke… gertatzen den kasuetan! Ikerketan erabili ditugun oinarrien arabera, zerbaiti buruz dugun pentsamoldearen aldaketa, askotan gai horri buruz dugun hautematean edo pertzepzioan gertatutako aldaketen ondorioz gertatzen da.

    Galderan aipatzen duzun gurasoetara etorriz, baliteke guraso horien pertzepzioa izatea -demagun- egungo gizartean, gutako edonorentzat, euskara “baliagarri” dela txikitan, baina ez handitan. Gaiari buruzko beren pertzepzioa hori bada, “normala” irudituko zaie haurrari euskaraz egitea eta eurek erdaraz egitea. Eta seguruena baita beren seme-alabek gauza bera egitea ere hortik urte batzutara. Gauzak ikusteko modu edo pertzepzio horrekin “bat ez datozen” errealitateak ezagutzeak, edo beren pertzepzioa “auzitan” jartzen duten egoerekin topatzeak –guraso horiei halakorik gertatzen bazaie-, pertzepzio hori alda dezakete, eta pertzepzioa aldatzearen ondorioz, kasu batzuetan, baita beren pentsamoldea ere.

    Adibidez, guraso horiek ezagutzen badituzte gazte batzuk, beraiek “espero” dutenak denborarekin “erderara pasako” direla, baina ikusten badute urteak pasata ez direla aldatu, eta gainera ondo doakiela (gustura daudela euren hizkuntza hautuarekin, ondo moldatzen direla “bizitzan”…), horrek beren ordura arteko gaiari buruzko hautematea alda dezake zertxobait. Eta kasu gehiago ezagutuz gero, ba gehiago. Horrela, bide horretatik hautemate aldaketa bat ematen bada, horrek bikote horien euskara/erdara-ren “baliagarri”-tasunari buruzko pentsamoldea aldatzea ekar dezake.

“Berezko taldeak eta hizkuntza: bihotzaren arrazoiak” (Pello Jauregi)

  • Zein leku eman behar zaio berezko taldeetan gai honi buruzko arrazoiketa esplizitoari?
  • Arrazoiketa eta esplizito hitzak erabiltzen dituzu. Horiek beste batzuen osagarriak dira. Batzuek eta besteek, elkarrekin, sistema bat osatzen dute, dantza bat osatzen dute. Hona hemen bi dantzariak zeintzuk diren:

     

    • Bizipena / Arrazoiketa
    • Inplizitua / Esplizitua
    • Praktika / Teoria
    • Ekintza / Hitza

    Bi aldeak garrantzitsuak eta beharrezkoak iruditzen zaizkit, nola diren zuhaitz batean enborra eta adarrak. Baina enbor batetik sor daitezke adarrak, ez ordea adarren pilaketatik enbor bat.

    Niretzat enborra da bizipena, praktika, ekintza, inplizitua. Eta ondorioz, hortik hasi behar da nagusiki eskuhartze emankorra. Gero aukera egongo da praktikaz hausnartzeko, bizipenak ordenatzeko, ekintzak hitz bihurtzeko, inplizituaren hari ezkutuak esplizitu eta argi bilakatzeko. Lehena lehen, bigarrena bigarren.

    Egia da, batzuetan erabaki esplizitu bat izan daitekeela prozesu baten abiapuntua. Baina horrek balio izango du bakarrik, baldin eta berehala jarduera praktiko esperientzial batean murgiltzen bagara.

  • Nola ikutu, landu daitezke emozioak, finkatutako ohiturak aldatzeko?
  • Hitza eta ekintza. Bi hauetara eraman daitezke funtsean eskuhartze bideak.

    Emozioen alorrera ere bi modu nagusitan hurbil gaitezke: lehena hitzaren bidez, hurrena ekintzen bidez. Egun, adimen emozionala dela eta, asko zabaltzen ari da hitzen bidea, hau da: emozioei buruz hitz egin, hausnartu, gauzak era kontzietean egin, aholkuak eman eta ohartuki egin, teknikak ezagutu. Nik horri guztiorri emozioen ikuspegi arrazionala deitzen diot, eta egia esan ez dut oso gustuko, zinez uste baitut, ikuspegi soziologiko batetik, ez duela nahiko indarrik hizkuntza ohiturak aldatzeko. Badago emozioei buruzko beste ikuspegi bat, nire ustez aurrekoa baino errealagoa, praktikoagoa eta batez ere bizipenezkoagoa. Hau, esan gabe doa, ekintzari lotuta dago bereziki. Niretzat, emozioak funtsean ez dira kontu indibidualak, baizik eta besteekin harremanetan jarduteko modu jakin batzuk. Eremu batean harremanak hainbat emozioetan oinarritzen dira, harreman horiek aldatuz gero (edozein arrazoia dela ere) emozioak borborrean jartzen dira kideek egoera ez ohiko batera egokitu beharra dutelako, hau da, beste harreman mota bat eraiki behar dutelako. Ekintza sozialak behar ditugu emozioak astintzeko, ez hitzak. Ekintza horiek ohiko harremanak zerbaitetan aldatu behar dituzte baldin eta emozioek beste norabide batean eramango bagaituzte.

    Esperientzia berriak sortuko dituzten gizarte-espazioak eraiki behar dira. Hori da niretzat gakoa. Orain irudimena behar dugu zehatzeko espazio horiek nola diseinatu behar diren, zein ezaugarrekin, zein egiturarekin, bene-benetan esperientzia berriak bideratuko baditugu.

  • Demagun UEMAko herri bat, Bermeo, eta pentsa dezagun baduela babesa edo mintza. Zenbaterainoko geruza behar du hermetikoa ez izateko?
  • Bataren eta bestearen arteko muga ez da argia, eta ez estatikoa, eta alde horretatik ezin da hitzez aldez aurretik definitu. Egungo egoera sozio-ekonomikoa dugu erakusbide polita hori irudikatzeko. Sistema kapitalistak bere burua aurrera iraunarazteko, batzuetan, hala komeniko zaionean, merkatu librea aldarrikatzen du, eta bestetan, hala komeni zaionean, bankuak interbenitzen dituzte. Alditan, mugak itxi eta sistema protekzionistak ezartzen dituzte, eta alditan, globalizazioa eta merkatu zabala mugagabea bultzatze dute. Zer ikaskizun dago horretan? Mugak aldakorrak dira. Mugaren egiteko nagusia da sistemaren beraren izaera (nortasuna, interesa, muina…) babestea. Eta ez dago modu bakarra, ezta ere iraunkorra hori egiteko: alditan mugak irekixeagoak izan daitezke (sistemak horretan kalterik sumatzen ez duenean eta agian bai onurak), alditan itxiagoak (arriskuak nabarmen sumatzen direnean). Edozein sistemak bere burua barne beharretik erregulatzen du, eta haietara egokitzen ditu mugak, kanpo faktoreek uzten dioten neurrian jakina.

  • Sistema aldatzeko, fluxu horretan traba bat jarri behar dela diozu, hizkuntzaren kasuan zeintzuk dira traba posible horiek?
  • Bizitzatik dator bizitza, eta euskararen erabilera euskararen erabileratik baino ez da etorriko. Adierazpen honekin Fernandoren egiren bat esaten dudala ematen du, baina horretan dago dena, nire aburuz. Euskararen erabilerak trabatzen du erdararen sistema, horrek eraikitzen du euskararen sistema. Hori lortzeko hamaika bide egon daitezke:

    • Euskaldunon desobedientzia zibila, non-nahi eta nor-nahirekin euskaraz eginez
    • Eremu pribatuetan euskararen erabilera arautzat ezarriz
    • Eremu publikoetan euskararen erabilera ezinbestekotuz

    Traba bakarra da, hortaz, euskara bera erabiltzea, euskalgile jokatzea. Batzuetan modu inplizituan agertzen da, esaterako, testuinguru batean azalpenik eman gabe euskaraz jokatzen dugunean. Beste batzuetan modu esplizituan egiten da, aldez aurretik azalpenak emanez, edo arauak idatziz, edo legeak emanez. Hala bide bat nola bestea, bi-biek asmo bera dute: euskararen erabilera ezinbestekotzea.

  • Hizkuntza babesteko, sistema babesteko “itxi” egin behar dela diozu, eta gure kasuan nazio mailan itxi beharko litzatekeela. Baina hori lortzeko ez al da beharrezkoa hiztun kopuru minimo bat?
  • Ez, ez dut uste. Babesgunea hasiera-hasieratik ezinbestekoa da prozesuak buru egingo badu, hau da: haren barrenean dagoena, txikia edo urria izan arren, bizkortu, hazi, gara eta zabalduko bada indarra emango dion testuinguru bat behar du. Gaixo dagoenak, urri dago eta bizi-indarrez larri dabil (hiztun gutxi). Itxaron behar al da gaixo hori bera berez (agian mirari baten bidez) sendatu arte babesgunea eraiki diezaiogun? Ez horixe. Aitzitik, ordea, babesgune sendo, seguru eta osasuntsua eraikitzea ezinbesteko baldintza da gaixo horrek bere burua bizkor dezan.

“Adimen emozionalaren lanketaren bidez familia barruko euskararen erabileran eragiteko saiakera” (Nekane Goikoetxea)

  • Zer lortu da?
  • Euskararen transmisioaren inguruan 20 guraso elkartzea (euskaldunak). Hauek nahiz euskara jakin, gaiarekiko interes eta jakin mina agertu dute. Beraz, erabili dugun bide hau, egokia izan daitekeela iruditzen zaigu.

  • Zertan aldatu dute bikoteek edo tailerrean parte hartu dutenek?
  • Gaiarekiko sentsibilizazioa. Gaian sakondu nahia.

  • Ze konpromiso hartu dituzte?
  • Ezingo genuke esan bakoitzak ze konpromiso zehatz hartu duen. Bukaeran ez genuen horrelako planteamendurik egin, ez genuen konpromisorik eskatu (interesgarria izango litzateke hurrengo baterako), bakoitzak bere kabuz beharbada aurrerapausoak eman ditu baina ez taldearen barruan.

atzera

Bilatzailea

Ernest Queroli elkarrizketa

Ernest Querol, Institut de Sociolingüística Catalanako kideari egindako elkarrizketa katalanez

Proposatu gaia

Antolatzaileak

Gipuzkoa

Lasarte

Laguntzaileak:

Eudel Eusko Jaurlaritza

Creative commons

Udaltop | Udaletako Euskara zerbitzuen I. topaketak

Webgune honetako edukiak Creative Commons-en Aitortu 3.0 Espainia baimenaz babesturik daude.

© 2009 Udaltop | iametza interaktiboak garatuta | CSS | XHTML | WAI-A