Galderak
Motibazioa lantzeko saio hauen buruan langileen aldeko konpromisorik (maila batekoak edo bestekoak) ez litzateke planteatu beharko, motibazioa lantze horrek, erabilera-planaren testuinguruan dela aintzat hartuta, benetan balio praktikoa izan dezan? Planteatzen ari al da inolako konpromisorik edota saio hauek hausnartzera eta motibazioa lantzera soilik bideratuak daude?
Parte hartzaileei, esplizituki behintzat, ez zaie konpromisorik eskatzen, saioen helburua euskara plana eta euren parte hartzearen gainean hausnartzea da, konpromisoak hausnarketa horren ondorioz etorriko dira, beti ere, euren neurrirako ekintzak planteatzen badira edo eskaintzen bazaizkie. Egindako proba pilotoan behintzat horrela gertatu da.
Herri-administrazioan praktikan jarri/jarriko al dira motibazioa lantzeko saio hauek?. Saio horiek bere horretan ala planteamendu osatuago bat beharko lukete?
Saio hauek praktika on gisa aurkeztu zituen EMUNek Udaltopen. EMUNek plana kudeatzen duen enpresa batean oso emaitza positiboa lortu zuelako. Garrantzitsua da horrelako saioak Erabilera Plan horretako dinamizatzaileak bideratzea, eta ez plana barrutik ezagutzen ez duen kanpoko pertsona batek. EMUNek horretarako laguntza eskaera bat jasoko balu, horretarako aukerak aztertuko lituzke.
Dena dela kontuan izan behar da saio hauek praktikan jartzeko herri-administrazio horretako erabilera Planarekin lotzea beharrezkoa dela eta Plan horren baitan dagoen motibazio ekintza gisa planteatu. Derrigorrezkoa da saioak bertako Erabilera Planera egokitzea eta praktikan jarri aurretik helburua zehaztea, honela bakarrik lortuko baitugu erdaldunengana hurbiltzea eta beraiek Planera hurbiltzea.
Zein talde eta erakundek osatzen dute “Plataforma per la llengua”? Aparteko arazorik egon ote da plataforma sortze saioan? Plataforma per la llengua erakundeak zer nolako babesa du erakunde publikoen aldetik, Generalitatearekin, adibidez? Bestalde, ba al du errekonozimendurik estatu mailan, adibidez, “Instituto Cervantes”engandik? Harremanik izatekotan, nolakoa da?
Plataforma per la Llengua elkarte pribatua da eta Kataluniako elkarteen legearen arabera arautzen da. Elkarte bezala 2007an eratu zen. Ordura arte juridikoki ez zen existitzen. Bere oinarria, aurretik existitzen zen beste elkarte batek osatzen zuen (L’Esbarzer elkartea). Duela 15 edo 17 urte Plataforma elkarte horren inguruan sortu zen, alderdi politiko demokratikoetako gazteekin eta hizkuntza katalanaren alde ziharduten taldeekin batera. Ez dakit arazoak izan ote ziren Plataforma eratzeko garaian, izan ere une horretan ni ez nintzen bertako kide eta atzerrian bizi nintzen. Jakin badakit ordea, gizarteko behar bati erantzuna emateko sortu zela. Elkarteko kideen iritziz gizarte kataluniarrak ez zion hizkuntzaren gaiari egoki erantzuten, eta Generalitateko hizkuntza-politika ez zen nahikoa katalan hizkuntzaren egoera eta katalan hiztunen eskubideak hobetzeko. Nik uste dut garrantzitsuagoa zela egoera horri erantzuna ematea, elkarte proiektu egoki bat sortzea baino.
Bestalde, babes publikoari dagokionez, gure zenbait proiektuk laguntzak jasotzen dituzte Generalitatetik, baita zenbait diputazio eta udaletatik (baina beti ere proiektu zehatz batzuei emandako diru-laguntzak). Badugu departamentuen arteko hitzarmen bat Kataluniako Generalitatearekin, baina hau ere proiektu zehatzetarako da. Ez dut uste estatu mailan aitorpen berezirik dugunik. Gainera, Gobernuz Kanpoko Erakundetzat dugu geure burua. Zentzu horretan guztiz independenteak gara.
Estatuan ba al da “Plataforma por la lengua española” bezalako erakunderen bat? Ala, premiarik ez dago, hizkuntz politika de facto doalako?
Ez dut uste Plataforma per la Llengua erakundearen gisakorik dagoenik gaztelaniarentzat. Egia esan ez dago beharrik horrelako elkarte bat sortzeko. Estatu espainiarrak hizkuntza-politika oso gogorra erabiltzen du eta estatuko erakundeak beraiek dira praktikan jartzeaz arduratzen direnak. Katalunian adibidez badira zenbait elkarte (Asociación por la Toleracia o Convivencia Cívica Catalana) Katalunian gaztelaniaren hegemonia mantentzea helburu dutenak.

Udaltop | Udaletako Euskara zerbitzuen III. topaketak
Webgune honetako edukiak Creative Commons-en Aitortu 3.0 Espainia baimenaz babesturik daude.