II. Udaltop Topaketetako argazkiak eta bideoak webgunean zintzilikatzeko lanean dihardugu. Aste amaierarako material guztia (ponentziak, aurkezpenak, bideoak, argazkiak, materialen biltegia, galdera-erantzunak…) ikusgai izango da.
Aste amaieran bideoak eta argazkiak ikusgai izango dira
Udaltop-(e)k idatzia | 2010/05/12Udaltop 2010 irekiera ekitaldia
Udaltop-(e)k idatzia | 2010/04/20Apirilaren 21ean, asteazkena, goizeko 09:30ean, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean Udaltop Udaletako Euskara-Zerbitzuen II. Topaketen irekiera ekitaldia izango da. Topaketak, Lasarte-Oriako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu dituzte, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Eudelen babesa dute.
Nerabeen aisia eta lagunartea gaia jorratuko dute ponentzia eta mahai-inguruetan eta Zer eta nola egin daiteke udaletatik nerabeek aisian eta lagunartean euskara gehiago erabiltzeko? galderari erantzuna ematen ahaleginduko dira. Guztira, 120 lagun inguruk hartuko dute parte topaketetan.
Aurtengo jardunaldietan hainbat berrikuntza izan dira, nabarmenenak: bloga eta sare sozialak. Joan den urtean www.udaltop.com webgunea jarri zen martxan eta aurten bloga gehitu zaio. Horren bitartez, antolatzaileen eta parte-hartzaileen arteko harreman eta komunikazio zuzena sustatu da. Bestalde, Facebook eta Twitter sare sozialetan Udaltop erabiltzaileak sortu dira eta horiei esker, Udaltop sareko partaide izan daiteke edonor, sare horretan zabaltzen den informazioa partekatuz eta berau sare anitzagoetara zabalduz. Gainera, jarduera horrek bat egiten du aurtengo topaketen izaerarekin eta mamiarekin; nerabeen artean nola eragin, hain zuzen ere.
Prentsaurrekoan izango dira:
- Estibalitz Alkorta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendari nagusia.
- Ricardo Ortega, Lasarte-Oriako Udaleko Euskara batzordeko lehendakaria.
- Jokin Azkue, Eudeleko ordezkaria.
- Lourdes Auzmendi, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea.
- Maria Jesus Aranburu, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatua.
Zure komunikabidea ekitaldira gonbidatua dago. Aurten estreinakoz, kazetariren batek ponentziaren bat jorratu nahiko balu, bertan gelditzeko arazorik ez luke izango aurretiaz antolakuntzarekin harremanetan jarriz gero.
‘Internet eta Sare Sozial Birtualak’, Txatxilipurdiren ikerketa
Udaltop-(e)k idatzia | 2010/04/14Arrasateko Txatxilipurdi Elkarteak, euskara eta aisialdia haur eta nerabeekin jorratzen dituen elkarteak, sare sozialen inguruko ikerketa burutu du Sare Sozial Birtualak izenekoa. Ikerketaren helburua, sare sozialen fenomenoa elkartearen jarduerara moldatzea da. Alegia, gazteek sare sozial birtualak nola erabiltzen dituzten aztertu eta erabilpen egoki baterako irizpideak zehaztea. Bestalde, elkarte bezala tresna hauek ekarri ahal dituzten onurez jabetu eta erabilpen eraginkor bat egiteko irizpideak ere zehaztu nahi izan dituzte.
Elkartearen helburua euskara eta aisialdia izanik, hizkuntzak berebiziko garrantzia du. Euskararen normalizazioa lortzeko euskarak esparru eta eremu guztietan egon behar du, baita sare sozialetan ere.
Txatxilipurdiko kideek txostena osatu ahal izateko, alde batetik informatika eta komunikazio arloko adituak elkarrizketatu dituzte. Eta beste alde batetik, 12 eta 18 urte arteko 460 gaztetxori galdetegia pasa diete.
- Ludotekako hezitzaileentzat gida (PDF, 358 KB)
- Gaztetxokoetako hezitzaileentzat gida (PDF, 364 KB)
- Txosten osoa (PDF, 784 KB)




