Gaur, otsailak 19, Lasarte-Oriako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Udaltop udaletako Euskara-Zerbitzuen II. Topaketak aurkeztuko dituzte Donostian. Ekitaldia 11:00etan izango da Gipuzkoako Foru Aldundiaren prentsa aretoan (Gipuzkoa plaza z/g, Donostia).
Udaltop topaketen bigarren edizioa apirilaren 21ean eta 22an izango da. Aurten landuko den gaia Nerabeen aisia eta lagunartea izango da eta Zer eta nola egin daiteke udaletatik nerabeek aisian eta lagunartean euskara gehiago erabiltzeko? galderari erantzuna ematen ahaleginduko dira. Aurkezpen ekitaldian, besteak beste, aurtengo egitaraua aurkeztuko da eta bertan izango diren hizlarien berri emango da.
Aurtengo topaketetan hainbat berrikuntza izan dira, nabarmenenak: bloga eta sare sozialak. Joan den urtean www.udaltop.com webgunea jarri zen martxan eta aurten bloga gehitu zaio. Horren bitartez, antolatzaileen eta parte-hartzaileen arteko harreman eta komunikazio zuzena sustatu nahi izan da. Bestalde, Facebook eta Twitter sare sozialetan Udaltop erabiltzaileak sortu dira eta horiei esker, Udaltop sareko partaide izan daiteke edonor. Sare horretan zabaltzen den informazioa partekatuz eta berau sare anitzagoetara zabalduz. Gainera, jarduera horrek bat egiten du aurtengo topaketen izaerarekin eta mamiarekin; nerabeen artean nola eragin, hain zuzen ere.
Iaz bezala, webgunean topaketetan aurkeztuko diren ponentziak, hizlarien curriculumak eta hainbat elkarrizketa zintzilikatuko dira aurretiaz.
Prentsaurrekoan izango dira:
- Ramon Etxezarreta, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea.
- Estibalitz Alkorta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendari nagusia.
- Ricardo Ortega, Lasarte-Oriako Udaleko Euskara zinegotzia.




