Zer eta nola egin daiteke udaletatik nerabeek aisian eta lagunartean euskara gehiago erabiltzeko?

Nerabeak eta aisia
2009ko maiatzean egindako Udaltopen balorazioa egiterakoan, bertaratutako guztiei galdetu zitzaien ea hurrengo urterako zein gai nahi luketen izatea aztergai. Erantzunen artean, “gazteak” gaia nabarmendu zen.
Udaltop 2010 gai horren jiran antolatzen hasi garenean, ordea, gaia mugagabeegia iruditu zaigu eta pittin bat zedarritu egin dugu. Alde batetik, muga oso lausoak dituen “gazteak” adin-tartean 12-18ko nerabeen multzoa lehenetsi dugu. Arrazoiak hainbat; herrietako plan gehienetako lehentasunetan dago ustez, beren errealitate oraindik udalerrian gauzatzen da nagusiki (Bigarren hezkuntzari lotuta neurri batean), hurrengo adin-tartea baino homogeneoagoa izan daiteke…
Beste alde batetik, nerabeen jardun-eremu guztiez hitz egin ordez, nerabeek aisian eta lagunartean baliatzen dituzten hizkuntzez aritzea iruditu zaigu zentzuzkoagoa. Arrazoiak? Familiako eraginaren eta esku-hartze zuzenaren garai nagusia igaroa dagoela, ikastetxe barruan egiten denaz eta egin daitekeenaz hitz egiteko beste foro batzuk daudela berariaz prestatuak (Ulibarri…), adin-tarte horretako hizkuntza-ohiturak finkatzeko harreman-sare eragingarrienak aisia eta batez ere lagunartea izan daitezkeela…
Horrela iritsi gara izenburuan jarri dugun Udaltop 2010eko gaiaren definiziora. Definitu, ordea, gai horren jira-bueltan, egun t’erdiko programazioa definitu behar dugu. Definitu, ordea, antolakuntzak zuzenean definitu ordez, gaiaren parte sentitu daitezkeenekin definitu nahiko genuke.
Buruan darabilzkigun azpigalderak hauek dira: zeintzuk dira udal batek gai horren inguruan dituen eragin-eremuak? {udala beraren zerbitzuak (kiroldegia, kultur-etxea, gaztelekua…), berariaz sortu edo lagundutako programak, udalerrian bertan, udalaz aparte, sortzen direnak…} Zeintzuk dira lehentasunezkoenak? Zein planteamendurekin lan egin behar da bakoitzean?..
Eta galdera horiei erantzuna bilatzerakoan, zer esaten digu teoriak? Ba al da ikerketa interesgarririk galdera horien inguruan? Eta zeintzuk dira esperientzia interesgarriak?
Galdera horien inguruko iritziak, proposamenak, hizlari posibleak dira zuekin trukatu nahi ditugunak.
Etiketak: aisia, aurkezpena, nerabeak, udaltop 2010





Ekimena interesgarria iruditzen zait. Proposamenak egiteko aukera modu honetan izatea. Baina, zenbat denbora daukagu pentsatu eta proposamenak egiteko?
Ea 2010eko jardunaldiak aurtengoa bezain interesgarri izaten diren.
Aldez aurretik milesker.