Udaltop Topaketetan landuko den gaiarekin, nerabeen aisialdian eta lagunartean euskaraz aritzeko zer eta nola egin, lotura duten hainbat esperientzi daude Euskal Herrian. Horietako bat da Mikel Troitiño (1969) eta Haritz Larrañaga (1976) surflari zarauztarrek gauzatutakoa. Surfa nerabe eta gazteekin lotuta egon ohi den kirola da, nahiz eta adin guztietako jendea aritzen den.
Troitiñok eta Larrañagak 1991n Zarauzko Surf Eskola sortu zuten eta orduz geroztik munduan eman diren pausoak gertutik jarraitzen ahalegindu dira. Euren urtetako esperientzia besteei zabaltzeko orduan, ordea, bada etengabe garatu behar izan duten elementu bat: surfaren munduan erabiltzen diren hitzen euskarazko hiztegia. Surfa kanpotik etorritako kirola izanik erabiltzen diren hitzak ere beste hizkuntzetakoak dira. Baina, bi surflari zarauztarren helburua, surfa irakasteko erabiltzen duten hiztegia euskarazkoa izatea izan da. Horregatik hiztegiaren bertsio bat (PDF) argitaratu bazuten ere, etengabe berritzen dihardute.
Bestalde, surfa egiten hasteko eta pixkanaka urratsak egiteko aholkuak eta irakaspenak biltzen dituzten bi DVD argitaratu dituzte. Bi DVDak euskaraz eta ingelesez daude, beraien helburua euskarak surfaren munduan leku garrantzitsua izatea baita. Gaur egun ez daude dendetan salgai baina, Surf Eskolarekin harremanetan jarriz gero eskuratu daitezke (Tel. 943019507).
Argia astekarian gai honen inguruan argitaratu zen erreportajea hemen dago irakurgai, baita multimedia kanalean zintzilikatu zuten bideoa ere.




