Hizlariak idazten hasita daude

glisseguna09Kontraesankorra badirudi ere, Udaltopen bigarren edizio honetan apirilaren 21ean eta 22an hizlari ikusiko ditugunak dagoeneko hasita daude beren aldez aurreko ponentziak idazten. Izan ere, iaz hasitako lan-estiloarekin jarraituz, topaketak baino bi hilabete lehenago izango ditugu (idatzitako) ponentziak zintzilikatuta, eta, ondoren, topaketetan bertan, hizlariek ez dute ponentzia errepikatuko, han idatzitakoak osatu eta bertaratutakoekin (hitzez) trukatu baizik.

Programa itxitzat-edo jo dugu, eta, egunak eta orduak erabat zehaztuta ez baldin badaude ere, honela egituratu ditugu topaketak:

Teoriaren atalean, Pello Jauregi irakaslea izango dugu gure artean, “Esku hartzeko hainbat ildo, hurbilketa sistemikotik begiratuta” izenburua jarri dion ponentziarekin.

Ikerketaren eremuan, berriz, “Gazteen erabileraren korapiloa begi-bistan” azterlana izango dute mintzagai Jaime Altunak eta Asier Basurtok. Horretaz gain, Igor Calzada izango dugu HPS sare sozialen gainean egiten ari den ikerketaren berri emateko. Eta, gai bertsuaren jiran, “nerabeak, sare sozialak eta euskara” puntutzat jarrita, Gotzon Egiak Gorka Julio eta Luistxo Fernandez elkarrizketatuko ditu; idatziz aurrena eta ahoz han bertan.

Eta Udaltop II honen galdera nagusitzat jarritako Zer eta nola egin daiteke udaletatik nerabeek aisian eta lagunartean euskara gehiago erabiltzeko? galderari erantzuten hasi nahian, hainbat esperientzia ere izango ditugu gure artean.

Bermeon, udal barrutik bertatik egindako esperientzia kontatuko digute Maite Alvarezek eta Iñaki Lopezek. Ikastetxetik abiatuta izandako esperientzien artean, alde batetik, Glissegunaz hitz egingo digute Seaskako Ramuntxo Etxeberrik eta Estelle Goñik. Beste alde batetik, Jaime Altunak Deban abiatutako HEZHIZ (HIZkuntza HEZiketarako dinamizazioa) programaz hitz egingo digu. Aisialdiko eta lagunarteko programez jarduteko, Kultur Kabiako Aritza Escandon eta Ttakun Kultur Elkartekoak izango ditugu, eta, azkenik, Alberto Irazu izango dugu gure artean, “Nerabe eta gazteen kultur kontsumoa: GAZTEZULOren esperientzia” hizpide hartuta.

Utzi iruzkin bat