Pello Jauregi (Pasaia, 1958) Pedagogian Lizentziaduna (Salamancako Unibertsitatean) eta Hezkuntza Zientzietan Doktorea (EHUko Unibertsitatean) da. Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko irakaslea eta “Kuadrilategi” egitasmoaren sortzaileetakoa da. Iaz, Udaltop Topaketetan ponentzia bat aurkeztu zuen eta aurten errepikatu egingo du “Esku hartzeko hainbat ildo, hurbilketa sistematikotik begiratuta” izeneko ponentziarekin. Jauregik apirilaren 21ean aurkeztuko du ponentzia.
“Berezko taldeak euskalduntzeko ikas estrategia” izeneko tesia egin aurretik, gazteen artean hizkuntza jardunak hobetzeko zenituen pentsamenduak aldatu al zaizkizu?
Aldatu ez zaizkit egin, indartu egin dira. Gero eta indar gehiago dauka ildo horrek. Berezko taldeak euskaldundu beharra eta hizkuntza erabilera kontuak taldetan lantzea gero-eta indar gehiago hartzen ari da.
Iaz Udaltopen “Berezko taldeak eta hizkuntza: bihotzaren arrazoiak” izeneko ponentzia aurkeztu zenuen. Jendeak oso gustuko izan zuela entzun dugu. Aurten ere parte hartuko duzu Udaltopen, erakartzen al zaitu topaketak?
Egia esan, iaz oso gustura egon nintzen, oso giro berezia sortu zen. Niretzat erakargarria da, mundu hau oso gertukoa baitzait. Urteetan nabil mundu honetan. Gaiak, iazkoa adibidez “familia”, berezko talde bat da. Aurtengo gaia ere, “nerabeak eta gazteak”, hor koadrilak sartzen dira. Niretzat oso gertuko gaia da, eta poza ematen dit euskara teknikariek sentsibilitatea izatea multzo honekin.
Beharrezkoa iruditzen al zaizu gaur egun mota honetako topaketak antolatzea?
Bai noski. Funtsezkoa da honetan gabiltzanok esperientziak trukatzea eta konpartitzea. Alde batetik, elkarri animatzeko eta bestetik, elkarrengandik ideiak hartzeko. Aurrera egingo badugu, elkarrekin egingo dugu. Beraz, esperientziak konpartitu egin behar ditugu ezinbestean.
Aurten esku-hartzeko moduez hitz egingo duzu, batez ere, ikuspegi sistematikoaz eta aldaketaz. Zein da ideia nagusia?
Interbentzio planak indibidualki baino gehiago taldeka egin behar direla. Hori da ikuspegi sistematikoa, taldea sistema bat da. Talde batean elkarri lotuta daude batzuk besteei. Euskararen erabilera bizkortuko bada, indibidualki ezin dira gauzak antolatu, ez goaz oso urrutira horrela. Esku-hartze estiloa, batez ere, taldetasun printzipioa edo taldeka gauzak egin beharra da. Hori era teorikoan azaltzen saiatzen naiz eta gero hori nola osa daitekeen ideia praktikoren bat ematen ahalegintzen naiz. Hori da taldetasun printzipioa esku-hartzeko garaian. Eta batez ere, ekintzen bidez eta ez hitzen bidez.Gauza ez da jendea motibatzea hitzen bidez, kanpainen bidez… Nolabait,jendea nahi eta nahi ez horretara bideratzen dituen gauzak antolatu behar dira, ekintzen bidez.
Aldaketa horiek bideratzeko programa egokiak al dauzkagu indarrean gaur egun?
Hori konplexua da, baina nik uste dut ezetz. Oraindik ez daukagu nahiko baldintzarik lana egiteko. Borondatea badago, baina oraindik babes handia falta zaigu lege aldetik gauzak egiteko. Oso botere edo indar gutxi daukagu esku artean benetako proiektuak, anbizio handiko proiektuak, aurrera eramateko.
Nerabeen ezaugarriak kontuan izanik, non proposatzen duzu indar gehiago jartzea?
Nerabezaroa oso garai berezi da, alde batetik helduak izan nahi dute baina beste alde batetik bereziak izan nahi dute. Alegia, bi gauza kontraesankor. Helduen pareko izan nahi dute baina euren nortasun propioarekin, euren leku propioarekin. Normalean garai horretan ez dute ontzat hartzen irakaslearen konturik edo gurasoen edo udalen ezer. Nolabait espazio propioak behar dituzte, beraiek era autonomoan, autoritate gutxiko espazioetan, aurrera egiteko. Nik adibidez proposatzen dut, egin daitekeela nolabaiteko elkarketa bat adin ezberdinetako taldeak elkartuz adibidez, 16 urteko koadrilak 12 urtekoekin elkartu eta elkarrekin kultur proiekturen bat egin. Orduan, beraiek euren giroan, lasaiago dauden horretan, agian errazagoa izan daiteke.





