Artxiboa Otsaila, 2010

Udaltop Udaletako Euskara-Zerbitzuen II. Topaketak aurkeztu dituzte

Udaltop-(e)k idatzia | 2010/02/22

esti_ricardoOtsailaren 19an, goizeko 11:00etan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren prentsa aretoan, Lasarte-Oriako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak antolatutako Udaltop Udaletako Euskara-Zerbitzuen II. Topaketak aurkeztu dituzte. Prentsaurrekoan Estibalitz Alkorta Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara zuzendaria eta Ricardo Ortega, Lasarte-Oriako Udaleko Euskara zinegotzia izan dira.

Udaltop jardunaldien bigarren edizioa apirilaren 21ean eta 22an izango da. Aurten landuko den gaia “Nerabeen aisia eta lagunartea” izango da eta “Zer eta nola egin daiteke udaletatik nerabeek aisian eta lagunartean euskara gehiago erabiltzeko?” galderari erantzuna ematen ahaleginduko dira. Aurkezpen ekitaldian, besteak beste, aurtengo egitaraua aurkeztu da eta bertan izango diren hizlarien berri eman da. Guztira, hamar ponentzia izango dira eta nabarmendu daiteke Eusko Jaurlaritza burutzen ari den ikerketa baten berri emango duela Igor Calzadak, Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Koordinaziorako zuzendariak. Ondoren, “Sare sozialak, nerabeak eta euskara” mahai-inguruan parte hartuko dute Gorka Juliok eta Luistxo Fernandez internautek.

Estibalitz Alkorta Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara zuzendariak topaketen helburua honakoa dela adierazi du: “Iaz bezala, topaketa hauen helburua Gipuzkoako eta Euskal Herriko udaletako euskara teknikariak elkartzea, urteroko hitzordu batean, herri erakundeetatik euskararen erabilera soziala sustatzeko aurrera eramaten ari garen politikaz hausnartzeko eta eztabaidatzeko”. Aurtengo gaia hautatzerakoan udaletako euskara teknikariek iazko Udaltop-en balorazioa egiterakoan azaldu zituzten iritziak; eta Gipuzkoako herrietan, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren barnean planifikatzen diren programa askotan sortzen diren kezkak eta zalantzak izan dituztela kontuan adierazi du Alkortak.

Egitarauan jaso diren saioetan, nolabait esatearren, gaur egun nerabeen eta gazteen hizkuntza jokabideez gure gizartean dakigun guztia bildu dela nabarmendu du euskara zuzendariak. Gainera, iaz ez bezala, Euskal Herri osoko ekimenen berri izango da jardunaldietan eta Iparraldeko bi ekimen ezagutzeko aukera izango da: “Iparraldea 21″ dokumentala eta Glisseguna. “Gipuzkoako Foru Aldundiak bere ekarpena egin nahi die udaletatik euskararen erabilera soziala hedatzeko egiten den ahaleginari, ez bakarrik Udaltop jardunaldi hauen antolakuntzan eta finantzaketan bete-betean murgildurik, baizik, horrekin batera, urte osoan zehar prestakuntza eta baliabideak emanez, Udal<>ekin programaren bitartez”, azaldu du Alkortak.

Ricardo Ortegak azaldu duen bezala, “Topaketak urtero egiteko asmoarekin jaio dira. Urteroko hitzordua izan nahi dute eta bidea ireki besterik egin ez baldin badugu ere, singularretik pluralera pasa gara. Aurten bigarren edizioa izango baitugu”. Iaz 120 lagun matrikulatu ziren, erdia udaletako euskara teknikariak eta beste erdia udalaz kanpokoak. Teknikari horiek gainera hegoaldeko lau herrialdeetatik etorri ziren. Aurten, ideia honi lotuta, iparraldean hasi berriak diren udaletako euskara teknikariak ere bereziki gonbidatu nahi dituztela, nabarmendu du Ortegak.

Aurtengo matrikularen prezioa iazko berdina izango da, 80 €. Baina, gaia zein den ikusita, 25 urtez azpiko ikasleentzat 25 euroko beste matrikula bat ezarri da. Matrikulazio epea otsailaren 22an zabalduko da eta hilabeteko epean egin beharko dira matrikulazio guztiak. Bestalde, martxoaren 5ean ponentziak eskuragarri jarriko dira webgunean.

Aurtengo jardunaldietan hainbat berrikuntza izan dira, nabarmenenak: bloga eta sare sozialak. Joan den urtean www.udaltop.com webgunea jarri zen martxan eta aurten bloga gehitu zaio. Horren bitartez, antolatzaileen eta parte-hartzaileen arteko harreman eta komunikazio zuzena sustatu nahi izan da. Bestalde, Facebook eta Twitter sare sozialetan Udaltop erabiltzaileak sortu dira eta horiei esker, Udaltop sareko partaide izan daiteke edonor, sare horretan zabaltzen den informazioa partekatuz eta berau sare anitzagoetara zabalduz. Gainera, jarduera horrek bat egiten du aurtengo topaketen izaerarekin eta mamiarekin; nerabeen artean nola eragin, hain zuzen ere.

Iaz bezala, jardunaldietan aurkeztuko diren ponentziak, hizlarien curriculumak eta hainbat elkarrizketa webgunean zintzilikatuko dira aurretiaz.

Udaltop II. topaketen aurkezpena

Udaltop-(e)k idatzia | 2010/02/18

Gaur, otsailak 19, Lasarte-Oriako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Udaltop udaletako Euskara-Zerbitzuen II. Topaketak aurkeztuko dituzte Donostian. Ekitaldia 11:00etan izango da Gipuzkoako Foru Aldundiaren prentsa aretoan (Gipuzkoa plaza z/g, Donostia).

Udaltop topaketen bigarren edizioa apirilaren 21ean eta 22an izango da. Aurten landuko den gaia Nerabeen aisia eta lagunartea izango da eta Zer eta nola egin daiteke udaletatik nerabeek aisian eta lagunartean euskara gehiago erabiltzeko? galderari erantzuna ematen ahaleginduko dira. Aurkezpen ekitaldian, besteak beste, aurtengo egitaraua aurkeztuko da eta bertan izango diren hizlarien berri emango da.

Aurtengo topaketetan hainbat berrikuntza izan dira, nabarmenenak: bloga eta sare sozialak. Joan den urtean www.udaltop.com webgunea jarri zen martxan eta aurten bloga gehitu zaio. Horren bitartez, antolatzaileen eta parte-hartzaileen arteko harreman eta komunikazio zuzena sustatu nahi izan da. Bestalde, Facebook eta Twitter sare sozialetan Udaltop erabiltzaileak sortu dira eta horiei esker, Udaltop sareko partaide izan daiteke edonor. Sare horretan zabaltzen den informazioa partekatuz eta berau sare anitzagoetara zabalduz. Gainera, jarduera horrek bat egiten du aurtengo topaketen izaerarekin eta mamiarekin; nerabeen artean nola eragin, hain zuzen ere.

Iaz bezala, webgunean topaketetan aurkeztuko diren ponentziak, hizlarien curriculumak eta hainbat elkarrizketa zintzilikatuko dira aurretiaz.

Prentsaurrekoan izango dira:

  • Ramon Etxezarreta, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea.
  • Estibalitz Alkorta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendari nagusia.
  • Ricardo Ortega, Lasarte-Oriako Udaleko Euskara zinegotzia.

Euskara eta kirola uztartzen dituzten Udaletako egitasmoak

Udaltop-(e)k idatzia | 2010/02/12

Euskara_sasoianAurreko artikuluan, ekimen pertsonal bati buruz hitz egin genizuen, Mikel Troitiño eta Haritz Larrañaga surflariek martxan jarritakoa, baina ekimen pertsonal edo pribatu horiez gain, Euskal Herriko hainbat euskara zerbitzuk ere egitasmo ugari dituzte martxan nerabeak aisialdian euskaraz aritu daitezen. Horietako batzuk Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) baitan kokatuta daude. Orokorrean, nerabeen aisialdiak kirolarekin lotura zuzena du, eta ondorioz, hainbat Udalek martxan jarri dituzten egitasmoak kirolarekin zerikusia dute.

Horietako bat da Urola Kostako Udal Elkarteak martxan duen Euskara Sasoian. Egitasmo honetan Aiako, Getariako, Orioko, Zumaiako eta Zarauzko Udalek hartzen dute parte eta eskualdeko kirol elkarteetan euskararen erabilpena sustatzea du helburu. Une honetan eskualdeko 36 kirol elkarte ari dira parte hartzen egitasmoan. 2009an Sasoian aldizkaria eta webgunea jarri zituzten martxan eskualdeko kirol informazioa ezagutzera emateko.

Bestalde, Laudioko Udalak euskararen erabilera sustatzeko, 12 entrenamendu saio prestatu ditu gaztetxoak futbolean aritzean euskaraz komunikatzeko ohitura har dezaten. Euskara izango dute ardatz entrenamenduek eta entrenatzaileek euskarazko hitzak eta teknizismoak dituzten hiztegiak erabiliko dituzte.

Jakin badakigu bi esperientzi horiez gain, hainbat udalerritan martxan direla nerabeek aisialdian euskaraz hitz egitea bultzatzea helburu duten egitasmoak. Zuen herrietako esperientzien berri izan nahi dugu, hala, hemen zintzilikatuko dugu eta beste udalerri batzuentzat baliagarria izan daiteke informazio hori. Beraz, animatu eta bidali zuen herrietako egitasmoen berri udaltop@udaltop.com e-postara.

Informazio osagarria: