“Nolakoa da gure (udalaren) hizkuntza-politika? Begiratu, mesedez, euskara sailetik kanpo!”

Udaltop-(e)k idatzia | 2011/12/14

Batzorde antolatzaileak dagoeneko zehaztu du 2012ko Udaltop Topaketen izenburua: “Nolakoa da gure (udalaren) hizkuntza-politika? Begiratu, mesedez, euskara sailetik kanpo!”. Gai horren inguruan ariko diren hizlariak eta eurek landuko dituzten ponentziak lotzeko lanetan dihardu batzordeak eta aste gutxi barru egitarauaren berri emango du.

Gogoratu, topaketak martxoaren 29an eta 30ean izango direla, eta matrikulazioa, berriz, otsailaren erdi aldera zabalduko dela. Beraz, adi jarraitu topaketen inguruan argitaratzen diren albisteak, bertan emango baita egitarauaren, epeen eta abarren berri.

Topaketen laugarren edizio honetan, iaz lehenengo aldiz antolatu ziren azoka eta erakusketa ere izango dira. Gainera, berrikuntzaren batekin etorriko dira. Baina horren berri aurrerago emango da.

2012ko Udaltop-erako hitzaldiak eta hizlariak aukeratzen

Udaltop-(e)k idatzia | 2011/10/17

Batzorde antolatzaileak 2012ko topaketen data zehaztu du: martxoaren 29an eta 30ean izango dira, Lasarte-Orian. Gaiaren nondik norakoak zehazteko parte hartzaileen ekarpenak bildu nahi ditugu orain.

Antolamendu batzordean bete-betean ari gara lanean, IV. Udaltop Topaketak prestatzen. Besteak beste, datak zehaztuta ditugu: 2012ko martxoaren 29an eta 30ean egingo ditugu, Lasrte-Oriako kulturetxean. Bestalde, euskara teknikarien artean proposatutako gai ugarien artean, “Udal hizkuntza politikaren antolamendua eta zeharlerrotasuna” aukeratua izan zen, alde nabarmenarekin gainera.

Gai horren barruan langai izan daitezkeenak ideia hauen bueltan egon daitezke:

• Zer eta nola egin behar da udaletatik egiten denak zentzu eta eragin gehiago izan dezan?
• Non egon behar du euskara-sailak, alkatetzan, kulturan edo beste departamentu bat gehiago izan behar du?
• Nola egin aliantzak udal barruan beste departamentuekin eta nola udalerrian gizarte-eragileekin?
• Eta baliabideak?

Behin gaia aukeratuta, egitaraua osatu behar da, gaiari mamia gehitu behar zaio, eta horretarako zuen laguntza behar dugu. Agian gaiarekiko interesa duten entzule posibleen artean euskara teknikariak ez diren zinegotziaketa alkateak egon daitezke. Entzule izateaz gain, hizlari egokiak ere izan daitezke horiek.

Hori guztia kontuan izanda, 2011ko urriaren 31rako galdera hauen erantzunak udaltop@udaltop.com e-postara bidali ditzakezue:

• Aukeratutako gaia zein zentzutan, zein hitzaldirekin landu daiteke: praktika onak, ikuspegi teorikoak, ikerketa aplikatuak…

• Nola lantzea nahi zenuke: hizlari interesgarriak…

III. Udaltop Topaketen balorazioa

Udaltop-(e)k idatzia | 2011/06/3

Parte-hartze handia izan da aurtengo topaketetan eta berrikuntza guztiak ere oso ondo baloratu dituzte parte-hartzaileek.

Antolatzaileen batzordeak dagoeneko egin du aurtengo topaketen balorazioa eta emaitzarekin gustura agertu da. Parte-hartzaileek bidalitako balorazio inkestetan jasotako emaitzak oso onak izan dira eta hurrengo edizioetarako iradokizun ugari jaso dira. Aurtengo edizioan, ia 200 lagun elkartu dira Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean, edizio jendetsuena izan da aurtengoa.

Aurtengo berrikuntza aipagarrienak azoka eta erakusketa izan dira, eta aipatzekoa da balorazio oso ona izan dutela, bai parte-hartzaileen aldetik baita erakusleen aldetik ere. Bestalde, hizlarien laguntzaileak udaletako euskara teknikariak izatea ere oso ondo baloratu den puntua izan da.

Material guztia www.udaltop.com orrian zintzilikatuta dago (bideoak, aurkezpenak, ponentziak, erakusketako panelak eta talde-laneko laburpena).

Antolatzaileak dagoeneko 2012ko IV. topaketei begira dira, eta egindako ekarpenak eta iradokizunak oso kontuan izango dira, bai gaia aukeratzerakoan, baita antolaketarako garaian ere.