aurkezpena

zer da hau?

Udaletako euskara-zerbitzuen topaketak. Aurten landuko den gaia hau da: "Nerabeen aisia eta lagunartea: zer eta nola egin daiteke udaletatik nerabeek aisian eta lagunartean euskara gehiago erabiltzeko?"

Begien bistakoa da udal bakoitzeko euskara-zerbitzua errealitate desberdin bat dela, bere historia duela, bere udala duela, bere baliabideak eta bere pertsonak dituela.

Horregatik, kontuan izanik bakoitzak bere ibilbidea egin behar duela, interesgarria dirudi elkarrengandik ikastea. Topaketa hauen helburua da udaletako euskara-zerbitzuek egiten duten lana hobetzea. Horretarako, bide hauek irekiko dituen gune bat sortu zen iaz:

1) Euskara-zerbitzuen esperientziak trukatzea.
2) Esperientzia horiek nola hobetu hausnartzea.
3) Esperientzia berriak elkarlanean abiatzea.

Helburu nagusia bigarrena da, egiten ari garenaz hausnartzea, nahiz eta horretarako lehendabizikoa ere bidelagun izan, esperientziak elkartrukatzea alegia. Hirugarrena, berriz, elkarlanarena, beste aldagai askoren ondorio izango da, izatekotan.

Horretarako, hausnartzeko, topaketa hauek lan-topaketa batzuk izan nahi dute. Lan hori egiten laguntzeko, ponentziak web-orri honetan zintzilikatuko dira topaketak egin aurretik, nahikoa denbora izan dezan teknikari bakoitzak irakurtzeko, lantzeko eta hizlariari egingo lizkiokeen galderak prestatzeko. Jardunaldietan bertan, jadanik irakurriak egongo diren hitzaldiei adina tarte emango zaie elkarrizketarako eta hausnarketarako tarteei.

Topaketak urtero egiteko asmoarekin jaio ziren iaz. Urteroko hitzordua izan nahi dute. Lehentasunez, EBPNko esparruak dira gai nagusiak (familia, aisia, enpresa...). Hala ere, bistakoa da gai horiek ikuspegi eta azpigai askotatik azter daitezkeela eta hala egiten dugu topaketa bakoitza prestatzen hasitakoan. Edozein kasutan, beti zaindu beharreko irizpidea izango da udalerri mailan aplikatuak edo aplikagarriak diren gai/esperientziak izatea.

Aipatutako gaiez gain, ordea, euskara-zerbitzuetako teknikarientzat interesgarriak izan litezkeen beste gai batzuk ere izan daitezke aztergai. Teknikariei berei galdetuko zaie zein gai nahi duten hausnarketa-gai bihurtzea.

Gaia lantzeko orduan, berriz, ahal dela, teoriatik, ikerketatik eta esperientziatik datozen ekarpenak uztartu nahi dira. Euskal Herrikoak beti, eta kanpokoak interesgarriak eta bideragarriak direnean.

Topaketen antolatzaileak Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lasarte-Oriako Udala dira, eta laguntzailea, berriz, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza. Lankide, ordea, Euskal Herri osoko udaletako euskara-zerbitzuak izan nahi ditu.

Bilatzailea

Proposatu gaia

Antolatzaileak

Gipuzkoa

Lasarte

Laguntzaileak:

Eudel Eusko Jaurlaritza

Creative commons

Udaltop | Udaletako Euskara zerbitzuen II. topaketak

Webgune honetako edukiak Creative Commons-en Aitortu 3.0 Espainia baimenaz babesturik daude.

(cc) 2009 - 2010 Udaltop | iametza interaktiboak garatuta